XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kristau bizia buztinezko ontzietan eramaten den altxorra bezalakoa da.

Biderako sakramentuak

Bataioa, Sendotza eta Eukaristia kristau sarbidapeneko lehen sakramentuak dira.

Horien bidez, Jainkoaren bizi berria jasotzen da.

Bataioa eta Sendotza bizitzan behin baizik ezin dira hartu eta kristauaren heldutasuna markatzen dutela esaten da, hau da, hartzen dituena Izpiritu Santuaren dohainaz betiko markatzen dutela.

Eukaristia, berriz, kristauak bere bizitzan zehar duen elikagaia da.

Bizitza berrian ezbeharrak eta zailtasunak aurkituko ditugu: sufrimendua, gaixotasuna eta heriotzaren hurbiltasuna, tentaldiak eta bekatua.

San Pauloren esanetan, kristauaren bizia buztinezko ontzietan eramaten den altxorraren modukoa da.

Hori dela-eta, bizi berri hori makaldu edo betiko galdu ere egin daiteke.

Egoera horri aurre egin ahal izateko, Elizak bi sakramentu ospatzen ditu: Barkamena eta Gaixoen Oliadura.

Sakramentu horiek Jesusen bideari jarraitzen laguntzen diete kristauei; bizitzan gertatzen diren ezbeharretan eta estualdietan laguntasuna eman, eta larritzen gaituzten makaltasunak osatzen dituzte.

Hau guztia dela-eta, sendakuntza-sakramentuak deitzen zaie.

Bekatuen barkamena

Kristoren aukera egin duten gizakiek uko egin diote bekatuari eta, Bataioaren urari esker, Jainkoaren bizi berria gozarazten dien Izpiritu Santua jaso dute.

Hala ere, hartu duten bizi berriaz giza izaerari berezko zaizkion hauskortasuna eta makaltasuna desagertzen ez direnez, berriz ere eror daitezke bekatuan.

Horregatik, askotan gizakiak zatiturik aurkitzen dira, nahi duten ongiaren eta askotan egiten duten gaizkiaren artean.

Honela azaltzen du san Paulok:

Nahi dudan ongia ez dut egiten, eta nahi ez dudan gaizkia egiten dut. Nahi ez dudana egiten badut, ordea, ez dut nik egiten, niregan ari den bekatuak baizik.

Erm 7,19-20

3. Egintza edo egoera batzuetan, gaizki jokatzen ari garela jakin arren, aurrera egiten dugu.

Aipa itzazu egintza edo egoera erreal horiek eta jokabide horren ondorioak.

Egintzak, egoerak: Gizaki bat azalaren koloreagatik baztertzea.

Ondorioak